Lanaz jabetzea eta feminismoa

Sarrera

Hobesten lanaren jabe egitea ardatz nagusia da, eta jabekuntza hori helburu izanik eta jabekuntza horretatik abiatuta eraikitzen diren antolaketa-ereduak garatzen laguntzen dugu. Artikulu honetan Maite Darcelesek kontzeptu horri buruz gogoeta egiten du, eta kontzeptu hori aplikatzeak feminismoaren praxiarekin eta gizartea eraldatzeko mugimendu politiko horren helburuen azpiko erronkekin duen paralelotasuna azaltzen du.

Hobesten, lanaz jabetzea ahalbidetzen duten antolaketa-ereduak garatzen laguntzen dugu.

Lana nola bizi dugun da ardatza. Lana gure egitea. Konpromisoak hartzeaz eta geure onena emateaz ari gara, bai, baina hori zati bat baino ez da. Boterea edukitzeaz ari gara. Eta hor datza proposamenaren funtsa eta zailtasun praktikoa. Norbanakoaren boterea (autonomia) mantentzen eta indartzen duten erakundeak eraikitzea da gakoa, botere hori erakundearen beste eremu eta mailekin ondo uztartzen delarik, antolaketa arina eta potentzial kolektibo handikoa sorturik.

Antolakuntza-garapenean laguntzen diegu erakundeei. Baldin eta lana autonomiaz burutzea jada antolakundearen balioetako bat bada, haien lan autonomoaren ikuskera propioan oinarrituko den antolakundea garatzen lagunduko dugu. Eta hala ez bada, lanaz jabetzearen potentzia uler dezaten ahaleginduko gara, eta horretarako urrats praktikoak ematen. Batzuetan, antolakuntzan aldaketa sakona gertatzen da, hasierako egoeraren eta ondokoaren artean eraldaketa handia emanez, gaitasun kolektiboari dagokionez.

Baliteke lanaz jabetzearen kontzeptu hau abstraktua suertatzea. Ez dago arau eta jarraibide argirik jabetze hori lortzeko. Erakunde bakoitzak bere bidea egin behar du eta eredu propioa asmatu. Hala ere, erakunde bat aztertzen dugunean eta galdera egokiak egiten baditugu, argi geratu ohi zaigu lanaren jabetzea ematen ote den ala ez.

Antolakuntzaren garapen edo eraldaketa horretan bidelagun izaten garenean, antolaketaren eta kudeaketaren inguruan nagusi diren sinesmenak gainditzeko beharrarekin aurrez aurre aurkitu ohi gara. Izan ere, honela definitzea proposatzen baitut nagusi den eredua: helburu gisa, edo albo-ondorio gisa, lanaren jabetzea zailtzen eta eragozten duten kudeaketa-teknika edo kudeaketaren orientazio oro.

Eta hortxe topatzen ditut gure aholkularitza-jardueraren eta mugimendu politiko eraldatzailea den feminismoaren arteko elkargune oso interesgarriak.

Irudia: La gran vagina, Mari Chordà, 1966. Museo Nacional de Arte Reina Sofía.

Bi praktika horiek konbentzitzen ez gaituen errealitate bat aldatu nahi izatea dute abiapuntu: patriarkatua edo nagusi diren antolaketa eta kudeaketa ereduak. Eta bi errealitate horiek batak bestea elikatzen dute. Bataren eraldaketak bestea eraldatzea eskatzen du.

Errealitate hori sineste errotu eta –pertsona askorentzat– inkontzienteetan oinarritzen da; inkontzienteak askotan, baita haien ondorioak jasaten dituztenentzat ere, izan kokagune pribilegiatuetatik, izan ahuletatik.

Bat gatoz, halaber, eraldaketak errealitate bidezkoago eta gizatiarrago baterantz bideratzen gaituela.

Lanaren zati garrantzitsu bat da egoera bakoitzean dauden sinesmenak identifikatzea eta ahaldungarriagoak diren beste kontakizun batzuk garatzea (lanaz jabetzeko eta gure potentzia kolektiboa handitzeko, antolakuntzaren esparruan; edota diskriminazio-egoerak gainditzeko, feminismoan).

Bi praktika hauek artifizialki naturalizatutako hierarkien eta kategorizazioen ikuspegien kontra jarduten dugu. Eta botere bertikala edo beste pertsona batzuen “gaineko boterea” baino askoz zabalagoa den ikuspegia dugu boterea ulertzeko. Gaitasun, potentzia eta ahalduntze gisa ulertzen dugu boterea, hain zuzen ere, bai banakakoa bai kolektiboa. Boterea izatea, naizen eta garen horretatik. Boterea izatea, sortzeko, egiteko. Boterea izatea, besteekin.

Hobesten planteatzen dugun antolakuntza-eraldaketak lotura estua du emakumeek genero-sozializazioan txertatu dituzten balio eta komunikazio-moduekin, gizonek barneratutakoekin baino gehiago. Limurtzaileak baino enpatikoak izatearekin du zerikusia.  Laguntzearekin kontrolatzearekin baino gehiago. Menperatzaileak baino eskuzabalak izatearekin. Ikuspegi orokorra edukitzearekin eta  garrantzizko ezerk itzuri egin ez diezagun saiatzearekin, zatikatutako jakintza-arlo batean adituak izatearekin baino gehiago. Esplotazioaren edo paternalismoaren ordez elkar zaintzearekin. Norberaren interesaren ordez interes kolektiboarekin. Lehiaren ordez lankidetzarekin. Lidergoa guztion artean dugunaz arduratzea dela ulertzearekin, kolektibo gisa hobetzen lagunduko digunaren alde egiteko, lidergoa karismatikoa izatearekin lotu ordez, jende talde batek diodana zalantzan jarri gabe sinetsi, eta itsu-itsuan joka dezan.

Hona bada, nire asmoa edo nahia. Elkargune horietan sakontzea eta aldatu nahi ditugun errealitateen alternatiba eraikitzen lagunduko diguten diskurtso gero eta sendoagoak eta elkar elikatzen direnak eraikitzea.

Argitaratua

Honako hedabideetan argitaratu da testua hau:

2022/12/28an katalanez jornal.cat egunkari digitalean. https://www.jornal.cat/opinio/37609/apropiacio-del-treball-i-feminisme

2023/03/08an euskaraz EnpresaBidean. https://www.enpresabidea.eus/iritzia/lanaz-jabetzea-eta-feminismoa_2179707_102.html

Utzi iruzkina