Nola ikasi eraldaketa esperientzietatik
Bistan da batere jakintzarik besterenganatuko ez balitz gaur egun duela milaka urte bezala bizitzen jarraituko genukeela, eta ez da hori gertatzen. Gizakiok besteen esperientzietatik ikasteko ahalmena dugu eta horrela garapen mailan aurre egiten ari gara.
Aurrerapena, ordea, ez da lineala, ez doa beti goranzko bidean; atzera egin eta heldutasun, jakituria edota gizatasun egoera penagarrietara itzultzeko gai da askotan gizateria: gerrak, faxismoak, manipulazioak, zapalkuntzak, giza miseriak…
Beraz, norbaitek ezagutu izana ez da ezagutuz jokatzeko bermea. Itxuraz antzerako lengoaia erabiltzen denean ere ez da berme nahikoa. Ez dago esperientzia baliotsu eta aberasgarrien, hau da, jakituriaren, besterenganatze-prozesu automatikorik. Aitzitik, norberak ibili behar duen bilatze eta esperimentatze prozesua da.
Antolakundeetan jakintza sortzeari buruzko artikulu akademiko batean gustatu zitzaidan esaldi hau irakurri nuen: “knowledge per se is an activity not a commodity” [1] (hau da,
“jakintza berez jarduera da, ez commodity bat”). Bisuala iruditu zitzaidan. Commodity salgaia da ingelesez, eta batzuetan ez da itzultzen, bere esanahi orokor eta trukagarria
azpimarratzeko. Jakintzari aplikatua honelaxe interpretatzen dut: “ezin dizut neure jakintza zeureganatu besterik gabe, litro bat esne izango balitz bezala, tori, esan eta kito”.
Ezin besterengana daiteke salgaiak bezala, prozesua askoz konplexuagoa baita, eta jakintza duenak emateko borondatea izateaz gain, gakoa ikasi nahi duenaren irekiera eta ahaleginean ere badago.
Jakintza pertsonarengan dago, ez dago beste inon, pertsonatik bereizezina da. Ahalmen gisa dago eta jardueretan agertzen, azaltzen eta gauzatzen da. Jakintza-jarduera honek emaitzak uzten ditu, beste batzuek ikas dezaten baliagarriak izan daitezkeen arrastoak uzten ditu.
Ikuspegi honetatik ezin esan dezakegu zorrotz-zorrotz liburua jakintza denik, baizik eta esango dugu jakintza-jardueraren emaitza edo produktua dela. Liburu bat jakintzatzat (esplizitua?, Nonaka eta Takeuchi-ren arabera) hartzen badugu gezurrezko interpretazio eta itxaropenak sor ditzakegu; adibidez, liburuaren irakurketa idazteko behar izan zen jakintzarekin nahastea. Jakintza ez da automatikoki besterenganatzen: esate baterako, testu baliotsu bat irakurtzean interpretatu, aztertu, birkonbinatu eta asimilatzeko jarduerak jakintza berria sortuko du irakurlearengan. Gakoa norbera testu batera edo jakintza zabaltzeko beste era batzuetara hurbiltzeko moduan dago. Jakina, mota eta maila guztietako idatziak, ikus-entzunezkoak edukiak, etab. daude: gezurrezkoak, egiazkoak, egiantzekoak, oparoak, baliotsuak, probetxuzkoak, desitxuratuak, etab. Gauza ber-bera gertatzen da norberaren jakintzarekin.
Jakintza salgai edo gauzatzat hartzen saiatzea argazki bat errealitatearekin nahastea –identifikatzen ahaleginduz– bezalakoa izango litzateke. Argazkia une bat baino ez da: hori bai, argazkilari on batek betikotu egin dezake une hori, eta ikuspegi berezi batetik hartu, zeinetik beste pertsona batzuei pentsatzen, sentitzen, hausnartzen eta ezagutzen lagunduko dien. Argazki on bat errealitatea baino gehiago da eta, aldi berean, ez du hura osorik hartzen. Paradoxa? Sen ona?
Gizatiarrak izango bagara argazkia behar dugu. Argazkia esan dut, liburua edo norberak sentitzen, ezagutzen, dakien hori besterenganatzeko edozein ahalegin esan nezakeen bezala; dela zientziaren, dela artearen zein antolakundeen esparruan. Geure jakintzan oinarrituta besteei balioa ematen saiatzeak eta beste batzuek egiten diguten ekarpenak ikasteak gizatiar egiten gaitu.
Badaude antolakundeak eraldatzeko esperientzia oso interesgarriak, harreman eta antolaera dinamiketan egiazko aurrerapena ekarri dutenak. Agortuta egonik oraindik indarrean dauden hainbat antolaera kontzeptuk sortzen dituen egonezinak baztertzea lortzen da horietan. Esperientziok oso erakargarriak direnez, gero eta ahots gehiago entzuten da, eskaka: “kasu hori nahi dut”, “metodologia nahi dut”, “bete behar diren urratsak nahi ditut”; hau da, jakintza salgai, commodity, moduan eskuratu nahi da, eta EZIN DA HORRELA.
Orain arte esandako askorekin eta oraindik esaten ari den askorekin bat ez datozen ikuspegiez ari gara, beraz esperientzia aurreratuen jakintza esplizitua edo informazioa aldatzen ez den jakintza-jardueraren esparru batean txertatzen ahalegintzea erabat bideraezina da. Pertsona gutxi izaten da gai jakintza-jardueraren esparru batean lan egiteko, eraldaketa prozesuok behar duten desikaste-ikaste prozesua sustatuz, bultzatzeko eta egunero ikusten dugunaren arabera gure antolakundeetan eta gurekin harremanetan daudenetan aldatu behar dena gaindituz joateko. Hortxe datza honelakoxe prozesuok abian jartzeko zailtasuna. Espero dezagun, denon onerako, eremuotan jakintza-jarduera duten pertsonen kopurua ugarituz joatea. Ahal dugun neurrian horrexetan ahaleginduko gara.
[1] Chung-An Chen: Linking the knowledge creation process to organizational theories. A macro view of organization-environment change, Emerald. Journal of Organizational Change Management, 21. bol. 3. zkia, 2008, https://doi.org/10.1108/09534810810874778