Gure garaiko oinarrizko aldaketa ezagutza ekoizpenaren eragile nagusi bihurtzetik dator. Ezagutza ezaugarri erabat pertsonala denez –gizakia eta ezagutza ezin dira banandu–, eta libreki desiraturiko lankidetzatik sortzen denez, gizabanakoarekin eta haren gizarteekin batera mugitzen da ezagutza, nolabait (lan industrialean, aldiz, langilea makinaren menpe dago lanorduetan). Beraz, ekoizpenak bizitzako esparru oro bereganatzen du, eta baita bizitzak berak ere lana. Izan ere, karikatura moduan esanda, gizakia eta bere produkzio bitartekoak elkarri lotu-lotuta daude; bereiztezinak dira erabat. Hementxe dago lehen kontraesana: lana, boterea eta jabetza antolatzeko ditugun egiturak produkzio industrialaren oinarrietan daude finkaturik, lan indarraren alokairuan, alegia. Eta ezagutza alderdi sozialarekin lankidetzan azaleratzen den ahalmen pertsonala denez, inolako erakunde juridikok ezin du “haren jabe” izan.
Trebakuntza ez dago kontraesan horretatik at; sortzen duen aldaketaren oihartzunaren giltzarria da, hain zuzen. Trebakuntzak langilearen eta herritarraren denaren eta izango denaren arteko bidean aurrera egiten duen heinean, borrokaren muinean kokatzen da, ezagutza masiboaren (sortzeko modu bat eta, ondorioz, etorkizuna askatasunez eraikitzeko era den aldetik) eta garai industrialaren paradigman ezarritako jabetza eta botere egituren arteko borrokan, alegia. Gatazka horren funtsa ezagutza
soziala, lankidetzarena, sortze indarra bihurtuko ote den eta beraz aldaketarako indarra edota ezarritako botere egiturek kontrolatu, irentsi eta bideratuko ote duten erabakitzean datza.
Jada XX. mendearen amaieran aipatu zuten kontraesan hori indarrez azaldu da XXI. mendeko gertakarietan, egun pairatzen ari garen asaldura soziopolitiko bortitzek argi utzi baitute. Ez da arraroa, beraz, botereak hezkuntza “erreformatu” nahi izatea. Eta asmo horretan esanguratsua iruditu zait –argi mintzo delako– Frantziako Hezkuntza ministro Luc Ferryk berriki “Eskola maite dutenentzako gutuna”[1] idazkian adierazitakoa. Horra zer
proposatzen digun: “berrikuntza tradizioaren aurrean, benetakotasuna merituen aurrean,
dibertsioa lanaren aurrean eta mugarik gabeko askatasuna legeak mugatutako askatasunaren aurrean balioesteagatik sortutako krisiari” amaiera ematea. Bere aburuz, “1968ko maiatzarekin berezkotasunaren ideologian murgildu ginen, norberaren adierazpenen balioespenean, benetakotasunarenean, sormenarenean, iraganeko herentziak errefusatzeko joeraren gorespenean…”. Ikaslea hezkuntza ekintzaren ardatz bihurtzea akatsa dela ohartarazten digu, halaber. Mezua oso argia da: ekoizpenaren faktore nagusitzat hartzen diren ezagutza ezaugarrien kontra borrokatzea (berrikuntza, irudimena, benetakotasuna, plazerra, askatasuna), diziplinan oinarrituriko gizartera
itzultzea eta ikaslea, ikaskuntzako subjektu aktibo izan beharrean, “objektu” bihurtzea.
Non erabakiko da gertakarien norabidea? Ez dut inolako zalantzarik; geletan, ikastetxeetan eta hezkuntza taldeetan, batik bat. Eta horren ondorioz, irakasleen eginkizuna ezinbestekoa izango da aldaketak eragiteko edota botereak agindutakoaren hartzaile pasibo gisa etorkizuna diseinatzeko, eta ez bakarrik hezkuntzarena, baita haren ondorio sozial ikaragarriarena ere (ez dugu
ahaztu behar gure gobernariei halako beldur handia ematen dien “mamua”, 68ko belaunaldia, geletan sortutakoa dela. Beraiek oso gogoan dute hori).
Hezitzaileen arazoa hauxe da funtsean: ezagutzaren langilea ekoizpen prozesuko protagonista material eta subjektibo gisa indartzen ari zen heinean, irakaslea (bigarren hezkuntzakoa, unibertsitatekoa eta lanbide heziketakoa, batik bat), ezagutzaren langile nagusia, proletargo bihurtu nahi izan dutela. Hau da, eginkizunak
zehaztasunez eta errepikapenaren poderioz ezarri zaizkio, bere denborak kontrolari lotutako zeregin eta burokraziarako diseinatu dizkiote, askatasuna ahal bezain beste murriztu diote… Hezkuntza orokortu izanaren ondorioa da hori, pilaka eta pilaka ekoizteko makina bihurtu baita.
Ba al dago aldatzeko aukerarik? Bai, noski. Nire iritziz, honako esparru hauek izango dira aldaketa iturriak:
- La Irakaslearen adimena eta beroa, errealizazioa –nola lanaren eremukoa hala pertsonala– ez baitu proletargo izanez lortuko, ezagutzaren langile bihurtuz baizik, eta ezin dugu ahaztu errealizaziorik ez bada lortzen, frustrazioaz hitz egin beharko dugula.
- Ikaslea gizaki sortzailetzat hartzea, ez hezkuntzaren objektutzat.
- Aldaketaren protagonista guztiok elkarlanean (eragile eta ekintzaile izanik aldi berean) abian jarriko ditugun sareak, ezagutza sortzailearen eragile gisa ditugun ahalmena eta eragina indartuz.
- Hezkuntzaren denbora goitik behera aldatzea. Horixe da nire ustez guztietan garrantzitsuena. Denborak errepikatzen den eginkizun izateari utzi behar dio, kontrola baztertu egin behar da. Denbora irabazi behar dugu elkarrizketarako, sortzeko, eraldatzeko. Ekoizpenean oinarritutako denborari itzuri egin –bi ordutan ordubetean baino bi aldiz torloju gehiago egiten dira, baina bi ordutan gauzak errepikatuz ez da ordubetean baino bi aldiz gehiago ikasten– eta ezagutzaren indar sortzailean oinarritutako denborarako igarobidea burutu behar dugu.
Eta orain argi eta garbi azaltzen zaigu zuzendaritzaren eta zuzendarien eginkizunek gauzatu beharreko aldaketa sakona. Beraiek izan behar dute testuinguru eta baldintza berrien (elkarrizketena, eztabaiden esparruena) sortzaile (askatzaile), testuinguru eta baldintza berri horietan irakasleek ekintzarako duten ahalmena jorra dadin. Beraiek, zuzendariak, daude proletargo bihurturiko irakasle izateari utzi (autoritatean eta agintean oinarritua) eta ezagutzaren ekintzaile bihurtzeko (sormenari dagokionez askatua) igarobideari ekiteko lekurik aproposenean.
[1] EL PAÍS, 2003.04.28, 13. or