LA VANGUARDIA egunkarian “¿Ingenieros o antropólogos?” izeneko artikulu bitxia argitaratu zuen Manuel Castellsek 2005eko martxoaren 19an. Hauxe proposatzen zuen: industrializazio zaharreko herrien –horien artean Espainiaren– lehiakortasuna ez dela oinarritu behar ingeniaritza teknologikoan, gaur egun teknologiak oso azkar hedatzen direlako eta globalizatuta daudelako, ez lokalizatuta. Aitzitik, gizarte zientzietan oinarritu beharko litzatekeela: antropologian, filosofian, soziologian, psikologian, hezkuntzan, diseinuan eta abarretan, “horien kalitatea areagotzeko eta, duten potentzialtasunaz baliatuz eta negozioko eta zerbitzu publikoko eskolekin harremanetan, etorkizuneko konparaziozko abantaila alorretan ezagutzaren ekonomia eraiki, gertuko ordenagailuek eta robotek edo urrutiko indiarrek edo txinatarrek ingeniaritza partzialki ordezkatzen dutenean ingeniaritza berraurkitu beharrean”. Probokazio intelektuala ote? Ez dut uste. Orain dela ia hamar urte euskal zuzendari ezagun baten ahotik –gainera ingeniaria– entzun nuen etorkizuneko zuzendari korporatiboak filosofoak edo Arte Ederretan lizentziatuak izan beharko liratekeela. Beste probokazio bat?
Egin dezagun gogoeta: Gurea moduko herrientzat bide bakarra berrikuntza dela behin eta berriro errepikatzen da biltzarretan, artikuluetan, elkarrizketetan eta adierazpenetan; eta diskurtso horiek oihartzun eskasa izan arren, behin eta berriro azpimarratzen dira pertsonen papera, horien parte hartzea enpresan, heziketa eta prestakuntza, autonomia, baloreak, gizarte ardura, etab. Zergatik ez da praktikan jartzen esaten dena? Uste dut, dena den, ekintza teknologikotzat –aurkikuntza moduan– hartzen jarraitzen dugula berrikuntza, antolamendu portaerak eta kudeaketa ereduak aldatzera behartzen ez gaituen zeratzat, kontutan hartu gabe sartzen ari garen aroa bereziki gizarte fluxu konplexuen (bezeroen, langileen, ikertzaileen, zuzendarien, unibertsitateen eta abarren)
konbinazioa den gizarte gertakaria dela. Horregatik, egitura tradizionalak –eta ez naiz
ari bakarrik enpresa egiturez– mekanismoak tratatzeko diseinatuak daudenez ezin dute
berrikuntzaren benetako potentziala aprobetxatu (ezagutzak, elkarrizketak, sareak,
etengabeko eroana…), horrela nahi denaren eta eginikoaren artean banaketa sortuz.
Berrikuntza politikaren inguruan beste gai bat dago ezkutuan gordea: botere egiturak
aldatzeko joera dute prozesu berritzaileek. Eragin guneak aldatu egiten dira, area batzuek beste batzuekiko indar handiagoa (eta baliabideak) lortzen dituzte, sare batzuek beste batzuk ordezkatzen dituzte, ezagutza batzuk erakarpen puntu bihurtzen dira aurrekoei gainjarriz. Nahiz eta gaia tabua izan jendaurrean hitz egiteko (lehenago sexuarekin gertatzen zen moduan, bakarrik pribatuan hitz egin zitekeela), zentzugabea da kontuan ez hartzea botere sareek eragin erabakigarria dutela, bai aurrerapenerako bai aurrerapenari ateak ixteko, gure erakundeen bideetan. Ezagutu eta tratua izan gabe, ez dugu berrikuntza askorik lortuko, are gutxiago hedatuko.
Hori dela eta, uste dut, gure ezagutzaren eta berrikuntzaren ekonomia lortzeko borondate onarekin koherenteak izan nahi badugu, gure erakundeen eta enpresen kudeaketaren ardatz izan behar dutela gaur egun soziologia, psikologia, estetika, etika (orokorki, gehienez jota, giza baliabideen departamentura mugatuta daude, duten garrantzia urriaren adierazgarri) bezain urrutikoak diren gaiak, eta jakina, filosofia ere bai, hau da, jakituriaren eraikuntza. Gure ikastetxeentzat, instituzioentzat, negozio eskolentzat eta abarrentzat ere balio du esandakoak. Ala, pertsona erakundearen ardatza dela esaten dugunean, pertsona kudeaketako erremintekin moldatzeari buruz hitz egiten dugula uste al dugu? Gizakien komunitateekin –eta komunitateen komunitateekin– tratatzeko beharrezkoak dira beste kontzeptu batzuk, kudeaketa eta organizazio kontzeptu berriak, eta ez kontrolatzeko erreminta gehiago. Berrikuntzak, hain zuzen ere, gauza berriak sortzen ditu, eta sustatu. Birmoldaturiko kudeaketa kontzeptu eta erreminta zaharrak erabiliz berrikuntza blokeatzen ari gara. Kontzeptu berriak behar ditugu (baita
berrikuntzarena ere), berrikuntza masiboa sortzeko eta sustatzeko.
Horrek esan nahi al du gure zuzendari apartek beraien “karguak” heziketa akademiko ezberdina duten beste batzuei utzi behar
dizkietela? Inola ere ez. Horrekin esan nahi duguna da enpresa ezin dela bakarrik zuzendu alde bakarrekoak –eta askotan baztertzaileak– diren ikuspuntuetatik, besteak beste, finantzaren eta teknologiaren ikuspuntutik. Esango nuke, beharrezkoa dela gure erakundeen etorkizunari etengabe eragiten dioten ziurgabetasunari eta nahasmenduari erantzun sortzailea emateko hainbat ezagutza eta trebetasun biltzen duen zuzendari taldea osatzea.
Eta horrek, heziketarako ere balio du, bereziki derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo bide ezberdinetarako. Izan ere, ezagutza
irakasgaietan banatzen jarraitzen dugu eta irakasgaiak multzoetan, batzuek “humanitate” ikasketak egiten dituzte eta beste batzuek ikasketa teknologikoak (esate baterako, ingeniaritza eta Lanbide Heziketaren alde handia). Baina, etorkizuneko pertsona, teknologiak erabiltzeko ez ezik, pertsona moduan prestatu beharko da, batez ere, gaitasun eta ezagutza aukera zabala landuz: gizarte geroz eta konplexuago batean eta, globalizatua den aldetik, ikusezina den gizarte batean, hain zuzen ere, ulertzeko eta erabakitzeko gai den pertsona librea izateko prestatu behar da. Heziketa berritzeak bere kontzeptua berritzea ere esan nahi du.