Elkarrizketa. Maite Darceles: “Jendeak esperantza ematen dit egunero”

Nork: Leire Ugalde Lujambio, irakaslea eta ikerlaria
Nori: Maite Darceles Tife, aholkularia eta idazlea

HONDARRIBIA ALDIZKARIAN ELKARRIZKETA

Beste ezer baino lehen, aurkeztuko zenuke zure burua?

Hondarribiko emakume bat naiz, oraintxe hanka bat Bartzelonan bestea hemen bizi naiz, 54 urte ditut, ama naiz, mundua ulertzeko saiakera handia egiten dut, eta ulertu baino gehiago interesatzen zait “bihotzean daramagun mundu”-rantz bidera gaitzaketen zirrikituetan esploratzea, praktikan batez ere, antolakundeekin eta lantaldeekin lan egiten dut horretan, hobetzen laguntzen.  

Enpresen aholkularitza lanetan aritzen zara. Azalduko zeniguke zein den zure egitekoa eta zure lanaren xedea?

Azken hamazazpi urteetan aholkularitzaren munduan murgilduta nabil. Aurretik ia hamabost urtez aritu nintzen arrantzaren esparruan, Gipuzkoako Baxurako Armadoreen Elkarteko (Garela) idazkari exekutibo eta kudeatzaile postuetan. Asko ikasi nuen eta arrantzaleak asko maite ditut, nahiz eta mundu horretatik erabat aldendu naizen ibilbide berrian. Orain, aholkulari gisa nabil, eta saiatuko naiz azaltzen zer egiten dudan. Asko hitz egiten da elkarlanaz, edo inplikazioaz, edo motibazioaz, edo autonomiaz. Erabiltzen da itsasontzi berean egotearen metafora eta norabide berean arraun egitearena. Komunikazioaz, koordinazioaz, kudeaketa onaz asko hitz egiten da. Gutxiago hitz egiten da, ordea, hori dena benetan eta oinarri sendo batekin aurrera eramateko zer baldintza behar ditugun. Eta hori da nire lana: antolakundeen edo taldeen bidelagun izatea hori lortzeko, eraikuntza kolektiboan aurrera egiteko. Feminismotik datozen ideietatik asko edan behar dugu.  

Zer esango zenuke dela enpresak edo antolakundeak garatzeko modu desberdin horrek  egin dezakeen ekarpena?

Jende askorekin lan egitea suertatzen zait. Pentsa, nire lanean ohikoa da aldi berean 5-6 egitasmotan (hau da, enpresatan edo erakundetan) egotea, egitasmo bakoitzak bataz beste 4-5 hilabete iraun dezake. Eta bakoitzean bataz beste hamar bat pertsonarekin aritzen naiz. Egin kontuak. Eta denekin normalean oso gai estrategikoez, beren lanaren muinaz eta lanaz dituzten kezkez gogoeta egiten dugu. Esan nahi dut jendea barrutik ezagutzeko aukera ematen didala lanak. Eta esperantza handia ematen dit, jendearekin honela lan egitean sortzen dena oso potentea delako. Jendeak esperantza ematen dit egunero. Oso jende ona dago alde guztietan. Dinamikak, sistemak, prozedurak, inertziak dira aldatu beharrekoak. Nire lanak hori egiten laguntzen du.   

Aholkularitza lan honetan urte luzez diharduzu. Urte horietako esperientzia kontuan hartuta zein lirateke etorkizunerako dituzun ametsak edo erronkak?

Batetik, nire lana ezagutzera emateko modu errazagoak bilatu nahiko nituzke. Proiektu batean sartzen naizenean eta lantaldeekin lanean hasi, dena “erraza” da, baina ulertarazteko prozesu hau zaila egiten zait. Horrekin loturik, edo horrez gain, praktikatik teorizatzeko ametsa daukat. Begira, duela gutxi EHUk EESi gela berri bat sortu du eta Amaia Perez Orozco ekonomialari feministak emandako hitzaldian ezagutza sortzeko teoria eta praktika uztartu beharra azpimarratzen zuen. Hortxe ekarpena egin nahi nuke. Praktiketatik teorizatu, teoriak praktikarekin nola uztartzen ditugun landu, praktikak elikatuko dituzten teoriak sortu…  

Pentsagune Feminista taldean topo egin dugu azken urteetan..

Bai, niretzat bai pertsonalki eta bai profesionalki feminismoa inspirazio iturri etengabea da. Eta asko baloratzen dut talde hau sortu izana. Behar genuen.

Euskal literaturako liburuak eztabaidagai dituen Irakurle Porrokatuen taldean ere bat egiten dugu. Nola iritsi zinen “irakurle porrokatu” izatera eta zer irakurtzea duzu gustuko?

Ez dakit irakurle porrokatua naizen. Denetik irakurtzen dut. Gehiago saiakera. Begirada feminista duten lanak interesatzen zaizkit, bai fikzioan baita gogoetazko edo ikerketako testuetan ere. Irakurle taldea Talaia Institutuko guraso eta irakasleek hasi genuen, eta aurrerago, geratu zen taldetxoak izen hori eman genion, txantxetan. Taldea hazi egin da. Oso ondo pasatzen dugu norberak egin duen irakurketa besteekin partekatzen. Asko ikasten dugu.

Idazle ere bazara. Saiakera, nobela eta narrazio laburrak idatzi dituzu. Nola eman zenuen liburu bat idazteko urratsa?

Nire lehen liburua, saiakera bat, landa lan bat egiteko proposamen batetik etorri zen. Helburua txosten bat egitea zen, ez liburu bat. Baina liburu baterako materiala neukala sentitu nuen eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideek, enkargua egin zidatenek, ideia erabat babestu zuten materiala ikusi zutenean. Bigarren urratsa, nobela idaztea, Bihotzean daramagun mundua, saiakeraren bidetik forma ematea lortzen ez nion zerbaiti forma emateko bidea izan zen.

Ekonomia vs. literatura, zientziak vs. letrak konbinaketa kontrajarriak bailiran irudikatzen ditugu batzuetan. Hain urrun al daude Maite ekonomialaria eta idazlea bata bestearengatik?

Ezta batere. Ezin hurbilago. Ekonomiak ditugun beharrei erantzun behar diela defendatzen dut eta errelato edo kontakizun berriak behar ditugu. Ekonomiaren kontakizunak begira nora ekarri gaituen: denok dakigu ez garela gauzak ondo egiten ari.

Behin entzun nizun esaten, pertsona bat zure liburu bat irakurtzean harrituta gelditu zela idatzi zenituen gauza horiek zutaz ezagutzen zuenarekin bat egiten ez zutelako. Noraino da literatura eguneroko bizitzako mugetatik ihes egiteko gune bat zuretzako?

Sorpresa kutxa bat naizela esan izan didate (kar kar). Norbaitek ikusi ez dizkidan alderdiak ezagutzean sortzen dion harridura izango da. Idaztea ez da ihes bat niretzat. Ideiak ordenatzeko modu bat, baizik. Zerbait ulertzen ez dudanean eta nahasia nagoenean, idatzi egiten dut, askotan ez da erraza, baina laguntzen dit pentsamendua argitzen. Eta idazketa modu guztiekin funtzionatzen dit, dela fikzioa dela artikulu edo saiakera, dela bezero bati egiten diodan ekarpen bat. Idaztea pentsatzeko tresna da nire ustez, oso tresna potentea, gainera. Eta potentzia hori areagotzen da gero besteekin parteka daitekeenean, elkarrizketak sor daitezkeenean.

Aurreko elkarrizketetan galdera absurdo bat edo gomendioren bat eskatu izan dute. Nik gomendio bat eskatuko dizut: kantu bat eta hori entzuteko leku bat.

Ba, bat baino gehiago proposatuko ditut. Izaroren eta Judit Neddermanen “Neurean / La meva llengua”, Izaroren “Libre” eta Björken “Venus as a boy”. Norbaitekin dantzatzeko leku apropos batean.

Eta amaitzeko, nori egingo diozu datorren zenbakirako elkarrizketa eta zergatik?

Arantxa Urretabizkaiari egingo diot. Eskertuta nagoelako. Miresten dudalako. Nobela bat idaztea buruan neukala, berarekin bildu nintzen eta esan zizkidan gauza batzuk oso barrura sartu zitzaizkidan. Norberaren begirada ordezkaezina dela esan zidan, norberak idatziko lukeena idatzi gabe geratuko dela norberak egin ezean. Esan zidan baimena eman behar diogula geure buruari idazteko, batez ere emakumeok. Bihotzean daramagun mundua idazteko bultzada garrantzitsua izan ziren bi ideia horiek.

Argitaratua

Hondarribia Aldizkarian euskaraz argitaratutako elkarrizketa, 2025eko apirila.

Kategoria:

Utzi iruzkina

Hobest
Pribatutasunaren sarrera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientzia onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta gure webgunera itzultzean zu ezagutzea eta gure taldeari webguneko zein atal interesgarri eta baliagarri iruditzen zaizkion ulertzen laguntzea bezalako funtzioak betetzen ditu.