Elkarrizketa Radio Euskadin, Consumidores (Kontsumitzaileok) saioan, La red viva (Sare bizia) atalean, Raquel Navarro Álvarez de Eulate kazetariak zuzendurik.
Audioa Guau plataforman eskuragarri dago: https://guau.eus/m/la-red-viva-hobest-una-consultoria-estrategica-diferente-20260508121611 (doako izen-ematea beharrezkoa da). Baita esteka honetan ere: https://l1nk.dev/y77m5zf . Hizkuntza: gaztelania.
Hurrengo testua transkripzioaren itzulpena da.
SARE BIZIA.
Raquel Navarro Álvarez de Eulate (Radio Euskadi): Kontsumitzaileok zerbitzuak erosteko edo kontratatzeko erabakiak hartzen ditugu, eta herritar gisa, zerbitzu publiko, erakunde eta askotariko antolakundeekin hartu-emana dugu. Gaur, ekonomia solidarioaren parte den estrategia eta antolakundeen aholkularitza batekin hitz egingo dugu. Hobest izena du eta Maite Darceles du buru. Zer moduz, Maite? Ongi etorri.
Maite Darceles (Hobest): Egun on. Eskerrik asko deitzeagatik eta espazio hau eskaintzeagatik.
RN: Kontsumitzaile gisa, nola lagundu diezaguke Hobestek? Ulertzen dut norbanakoei baino gehiago, enpresa eta askotariko erakundeei laguntzen diezuela. Kontatu pixka bat zein nolako antolakundeei.
MD: Bai, antolakunde eta enpresekin lan egiten dugu. Mota guztietako erakundeekin, forma juridikoari dagokionez. Kooperatibak izan daitezke, bai lan elkartukoak, bai kontsumokoak, merkataritza-enpresak izan daitezke, elkarteak, enpresa publikoak, fundazioak. Baita oraindik forma juridikorik ez dutenak ere, erakundeen edo kolektiboen arteko lankidetzatik sortzen diren proiektuak eta antolakuntzan lanketa egin behar dutenak, proiektu komun bat dagoelako.
Eta jarduera desberdin askotakoak izaten dira. Hezkuntza arlokoak, industria, kultura elkarteak, pertsonak artatzen dituzten erakundeak. Hobeto funtzionatzen laguntzen diogu enpresari, bertan lan egiten duten pertsonak hobe egon daitezen, ondo senti daitezen, eta era berean eskaintzen duten produktua edo zerbitzua kalitate hobeagokoa izan dadin, prezio arrazoizkoarekin. Alegia, ahalik eta efizienteena eta eraginkorrena izaten saiatzea, merkatuari eskaintzen zaion produktu edo zerbitzuak prezio orekatua izan dezan.
RN: Adibide bat eman iezaguzu, zuen eskuetatik pasatzen den enpresa bat nola aldatzen den ulertzeko. Maite, hainbat enpresa ezagutzen ditut nik “beti horrela egin da” mantratik ateratzen ez direnak, eta aldatzea ez zaie burutik pasa ere egiten. Ulertzen dut Hobestekin harremanetan jartzen direnean, antolakundeen aholkularitza estrategiko batekin, bilatzen dutena gauzak modu desberdinean egitea dela.
MD: Hori da. Normalean gurekin harremanetan jartzen diren enpresek gauzak beste modu batera egin nahi dituzte. Normalean intuizioa dute jendeak ekarpen handiagoa egin dezakeela, baina beren energia baliorik gehitzen ez duten gauzetan jartzen ari dira. Burokrazia lan asko egon daiteke, edo barne lehiak ere bai. Batzuetan, lehia-dinamika sortzen da, nahita edo nahi gabe, antolakundearen barruan. Jendeak energia asko eskaintzen dio inori baliorik ematen ez dion gauzetan, ez berei, ez antolakundeari, ez bezeroei, ez inori.
Beraz, antolakundeak hobeto funtzionatzeko jauzi moduko bat egiteko zer behar duen identifikatzen saiatzen gara eta erakundeari pauso horiek ematen laguntzen diogu. Adibide modura kontsumitzaileen kooperatiba bat jarriko nuke, duela hilabete batzuk modu bizian lanean aritu ginen haiekin.
Kooperatibaren balioengatik eta jarduera motagatik, lan-taldeko askok honelakoak esaten zituzten: “hau da nire bizitzako lana, nire ametsetako lana”. Baina, bestetik, oso nekatuta, erreta zeuden. Antolaketa sistemak ez zien laguntzen ondo sentitzen. Etengabe hormekin egiten zuten topo. Lan-zama handiegiagatik erreta zeuden eta ez zuten gune egokirik aurkitzen hobetu beharreko gauzetan ekarpenak egin eta aldaketak eta hobekuntzak txertatzeko. Hala, eskaintzen zuten zerbitzuaren kalitatea ere jaisten ari zen.
Askotan, hertsiki loturik doaz jendea lan batean ondo eta pozik egotea eta eskaintzen den zerbitzuaren edo produktuaren kalitatea. Kasu honetan hori gertatzen ari zen.
Gure esku-hartzearekin, kalitate handiko elkarrizketa guneak sorturik, pertsona hauek beste modu batera lan egiteko zer behar zuten identifikatu ahal izan genuen elkarrekin eta aldaketak egiten hasi ginen. Hilabete batzuen buruan, arnasten zen giroa guztiz desberdina zen, eta erakundea ondo funtzionatzen ari den aztertzeko erabiltzen diren adierazleak ere nabarmen hobetu ziren.
RN: Zein zoragarria, ezta? Helburu hori lortzen denean eta Hobesten hagaxka magikoak funtzionatu duela ikusten duzunean.
MD: Bai, beno, ez genuke “hagaxka magikoaz” hitz egingo [barreak]. Azken finean, ahotsa ematea da kontua, pertsonek asko dute esateko, eta testuinguruak sortzen saiatzea, jendeak elkarrekin hitz egin dezan, ekarpena egin dezan…
RN: Ekarpena egin dezaten, izan ere, askotan langileei entzutea nahikoa delako, ezta?
MD: Bai, bai, entzun eta, gainera, elkarrekin eraikitzeko guneak sortu. Batzuetan diagnostikoaren lehen fasean esaten digute, “hau jada bagenekien, jada identifikatuta geneukan”. Baina erakundeek ez dakite nola egin aurrera. Jakina, muga moduko batekin aurkitzen dira, “ados, badakigu arazo hauek guztiak ditugula, baina ez dakigu nondik hasi hau guztia konpontzeko”.
RN: Bai, nola jartzen dudan praktikan, nola igaro ekintzara.
MD: Noski, noski, hori da. Eta hor ere egiten dugu ekarpena Hobesten. Elkarrekin eraikitzeko guneak sortzen saiatu, soluzioak elkarrekin eraikitzeko eta lanean jartzeko.
RN: Eta, zergatik erabaki zenuten Hobesten ekonomia solidario eta alternatiboaren parte izatea?
MD: Bai, REAS Euskadin sartzea erabaki genuen. Garrantzitsua delako ekonomia alternatibo bat garatzeko ideia zabaltzea eta horren inguruan aliantzak sortzea.
Hainbat pertsonek ekonomia alternatiboa nik ez bezala ulertzen dute. Ekonomia konbentzionalarekin batera existitzen den zerbait bezala ulertzen dute, baina beti bazterreko zerbait bezala. Nik ekonomia konbentzionalari pixkanaka eremua irabazten dion zerbait bezala ulertu nahi dut, benetan alternatiba bihurtzen dena. Munduaren ikuspegi indibidualista honetara bideratzen gaituzten logika kapitalista, patriarkal eta neoliberalei eremua irabazten diena. Eta alternatiba hori sortzeko, benetan aliantza handiak behar ditugu, askotariko arloetatik lan egiten duten profesionalak eta antolakundeak batu behar ditugu.
RN: Baina, gainera, uste dut, Maite, kontsumitzaile gisa gero eta gehiago baloratzen dugula ez bakarrik erosten edo kontratatzen ditugun enpresen prezioa edo kalitatea, baita nola tratatzen dituzten lantaldeak, eta baita haien balioak eta printzipioak ere, adibidez, ekonomia alternatiboaren eta solidarioaren parte izatea, ezta? Nabaritzen duzue hau?
MD: Bai, jakina, hala da. Dudarik gabe pertsonok badakigu zer nahi dugun eta zer gauzek ez diguten laguntzen nahi duguna bezalako mundua eraikitzen. Askotan, ordea, kontsumitzen ditugun produktuen edo erabiltzen ditugun zerbitzuen atzean dauden erakundeez ari garenean, informazioa falta zaigu.
RN: Hala da, bai.
MD: Oso zaila da erakunde hauek, enpresa hauek, langileak, edota hornitzaileak, nola tratatzen dituzten informazioa guri iristea, edota atzean zein balio dituzten, edota ingurumen politika etiko bat duten ala ez jakitea. Horretaz guztiaz asko dago hitz egiteko.
Eta egungo testuinguruan uste dut zailtasun handia dagoela gainera. Betidanik egon dira albiste faltsuak eta desinformazioa, baina, hain zuzen, gure gizartearen bereizgarria da inoiz ez direla egon desinformazioa zabaltzeko hain makina erraldoiak. Jokabide hori dutenen helburua ez da guk gezur horiek sinestea, baizik eta den-denak berdinak garela sinestarazi nahi digute.
RN: Zein interesgarria den hausnarketa hau.
MD: Eta uste dut horrek kalte handia egiten diela gauzak modu desberdinean egin nahi dituzten profesional eta antolakundeei, izan ere, populazioaren sektore batek uste du ez duela axola bat edo bestea, denak berdinak direla, dena berdina dela, eta zaila da hortik burua erakustea, pixka bat kanporatzea, aldea nabarmentzeko.
RN: Balio gehigarri hori komunikatzeko. Beti esaten dut hemen Euskadin, REASen, ekonomia alternatiboaren parte zareten proiektu guztiek baduzuela balio gehigarri hori. Eta horien artean, Hobest, antolakundeen aholkularitza estrategikoa.
Maite Darceles, plazer bat izan da.
MD: Eskerrik asko, zuei. Nahi duzuen arte.